Zergatik hau
eta ez bestea.
Ikasketen azken urtean zehar praktikaldia egiten aritu nintzen Maier kooperatiban, erosketen sailean. Maier-en plastikozko piezak ekoizten dituzte, batez ere automozioaren industriarako. Praktikaldiaren ondoren, bertan jarraitu nuen lanean 2008. urtera arte, hezkuntzara salto egitea erabaki bainuen urte hartan.
Joan gaitezen 2020. urtera. Martxoaren 14an hartan Milanen izatekoak ginen. Elhuyar fundazioko Aitziber eta Danelekin batera joan behar nintzen Italia iparraldera, STEAMfairnet izeneko proiektuan parte hartzen ari baikinen, haiek Elhuyar Zientzia Azokaren izenean eta ni Bilboko Miguel de Unamuno ikastetxearenean.
Milanera joan aurreko astean hango zientzia azokako zuzendariarekin online bideodei bat izan genuen. Bertan gertatzen ari zen egoera surrealistatzat jo nuen. Hemendik gutxi batzuk abisatzen ari zirena, Italian gertatzen ari zen jada, gugandik oso gertu zegoen birusa.
Ikusitakoa ikusita, bertara ez bidaiatzea erabaki genuen. Azkenean, egun gutxiren buruan, Italiakoa gurera ere iritsi zen. Eta martxoaren 13 hartan, denok etxeratu gintuzten.
2020ko martxoaren 28an, denok etxean geundela, Maier kooperatiban, 1600 babes-bisera ekoizten hasi ziren egunero. Helburua birusa ez zabaltzea zen, bisera haiek aurpegiaren aurrean ezkutu bezala erabiliz. Biserak ekoizteko lana boluntarioen eskutik egin zuten.
Garai hartan jada berezuma.com web-orria martxan nuen. Hara igotzen nituen nire lanbiderako egokiak ikusten nituen edukiak, asko nik sortuak, eta beste asko handik eta hemendik hartu eta euskaratuak. Beti ere, lizentzia libreekin.
Bada, erabaki nuen nire web-orrira igotzen nituen bidalketak automatikoki Telegram kanal batera igotzea. Kanalari Teknologia Pilulak izena jarri nion. Eta lehen aipatu dugun egun hartakoa, martxoaren 28koa, izan zen kanalera automatikoki igo zen lehen mezua: “MAIER kooperatiba milaka babes-bisera ekoizten hasi da egunean”.
Bost urte eta erdi pasatu dira lehen mezu hartatik. Tartean, kanala erabili dut hezkuntzaz, adimen artifizialaz eta bestelako obsesioetaz hitz egiteko.
Ez dakit gertatu zaizun. Baduzu sentsazio bat zerbait berria egin behar duzunarena. Baina oraindik ez dakizu zer den buruan duzun hori.
Bada, erabaki dut buletin hau sortzea, uste dut sentsazio horri bidea ematen lagunduko didala. Burutik pasatzen zaizkidanak patxadaz idazteko aprobetxatuko dut. Idazteak laguntzen nau behin eta berriz gauzen inguruan hausnartzera. Baina bueno, ez gaitezen flipatu. Ikusiko dugu nora garamatzan honek. Beti bezala, inongo espektatibarik gabe egin dut hau ere.
Eta zerbait jaiotzeko, beste zerbait hil behar denez, erabaki dut Telegram kanalari agur esatea. Seguru asko, zu zeu handik iritsi zara hona.
Beraz, ez dakit zein maiztasunarekin, baina hemendik arituko naiz noizean behin alamena ematen.
Milesker honaino iritsi bazara. Ez da ohikoena.
Beñat.

